XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

OHARRAK ZENBAIT ARKAISMOZ. JOSEBA ANDONI LAKARRA Lan honen egileak Eusko Jaurlaritzaren beka bat du. SARRERA

Orriotan euskara zaharraren zenbait fenomenoren exenpluak bildu ditut testu idatzietan eta herri kanten aldaeretan zehar.

Ene helburua ez da izan fenomeno horiek azaltzea, beste hizkuntzetakoekin gonbaratzea edota beren etorkiak bilatzea; xedeok guztiz interesgarriak eta are premiazkoak ere izanik, xinpleago eta errazagoetarantz zuzendu naiz oraingo honetan, fenomeno horien corpus ahalik eta osoena atontzera eta beren kronologia bilatzera, alegia; beste haietarako lagungarri izan ledin esperoaz.

Erabili ditudan aztergaiak honako hauek izan dira: 1) X-ekin / gaz Y (koordinaketa moeta zahar bat), 2) TO-GEN bizkaieraz eta gipuzkeraz, 3) -A pertsona izenetan eta, 4) erloju = oren.

Aztertu testuak oro Hego Euskal Herrikoak dira, ezagutzen nituen 1800 baino lehenagoko guztiak.

Lurralde eta denbora mugaketen arrazoiak aski garbiak iruditzen zaizkit: lurraldeari dagokionez, Ekialdeko testuetan ez dudalako horrelako fenomenorik ezagutzen; denboraren aldetik, 1800ekoa muga arbitrarioa da baina onar daitekena ene aburuz.

Urte horretarako Larramenditarrak jadanik nagusituak ziren baina oraindik larramenditasuna neurtzeko gehiegitan erabiltzen diren larramenditarkeriak ez ziren mende erdi beranduago bezain hedatuak, ez gutxiago ere.

Hori alde batetik; bestetik XVIII. mendearen lehenengo 60 urteetako bizkaitar idazleen (Arzadun, Urkizu, Barrutia, Olaetxea, batez ere) testuak bizkaiera zahartzat jo behar direnetz eztabaidatu gabe, (1) Dakidanez ez da berba hori mugatu ez bere ezaugarrien aldetik ez eta denborazko mugetakoenetik ere, praktikan halako consensus bat izan arren gutxienez 1700 baino lehenagoko testuak bertan sartzeko. Ez dago garbi, aldiz, Barrutia, Arzadun, Urkizu, Olaetxea eta besteren kasuan zer egin beharko litzatekeen, ez dut lehenagoko mendearekin eten nabarmenik batez ere lehendabiziko hiruretan aurkitu, eta haien jarraipen gisa ikertu beharrezkoak iruditu zaizkit arkaismooi zegokienez.